Urtero moduan, gaurkoan Errekalde eta Ametzolara gatoz berriro ere, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren erailketen urteurrenean. Orain 33 eta 28 urte, haien militantziagatik, erakutsitako munta politiko bereziagatik eta zuten kalitate humanoagatik erailak izan ziren bi gizon oroitzera gatoz. Biak ala biak nabarmendu ziren zuten karismagatik, altruismoagatik eta Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide justu eta demokratiko bat ematearen aldeko jarreragatik. [...]

Espainiako Gobernuak "EAEn 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko” 12/2016 Legeari jarritako errekurtsoaren testuinguruan Egiari Zorrek zenbait hausnarketa konpartitu nahi ditu lerro hauen bitartez 2017-06-19 11:36:09[...]

Gobernu Espainiarra eta Eusko Jaurlaritzaren arteko aurrekontuen gaineko akordiotik hiru egun besterik pasa ez zirelarik, Madrilgo gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoko “motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimen errekonozimendu eta erreparaziorako Legea” errekurritzeko hartutako erabakiaren berri izan genuen. Erabaki hau egun gutxiren ostean sartu zen indarrean.

Beste behin ere, begi bistakoa da Estatuarekiko aldebikotasun eszenatoki bat ez dela posible, Gobernu Espainiarrak zenbait gairen inguruan pausoak emateko oztopoak besterik ez dituela jarriko erakusten jarraitzen baitu. Berriro ere, argi geratu da Estatu Espainolak, bere jarrera zentsorearekin, biktima batzuen existentzia ukatzen jarraitu nahi duela, hauen onarpen hipotetiko batek, inposatu nahi duen errelato bakarra ezerezean uzten duelako. Errekurtso horrekin, gainera, erakutsi du inolako erakunderi ez diola utziko inposatu nahian dabilen errelato ofiziala kontsaesanetan jarriko duen biolentzia politikoaren biktimarik aitortzen.

Auzitegi Konstituzionalaren aurrean legea errekurritzearen erabakia (gogoratu 107/2012 dekretuarekin eta Nafarroako Biktimen Legearekin jarrera berbera hartu zuela), existitzen diren biktima bakarrak ETArenak diren diskurtso monolitiko eta partziala indartzeko saiakera berri bat besterik ez da. Estatuak eta bere aparatuek gatazkaren testuinguruan sortarazitako biktimon esistentzia ukatu nahi duen errelatoari eman nahi zaion bulkada berri bat. Gu ukatzea, Estatuak gatazkaren beraren existentzia ukatzeko duen modurik onena da.

Aitzitik, ulertu beharko luke, Legea idatzi eta onartzen bada, giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsona batzuei dagozkien eskubideak bermatzeko dela, Legea baino askoz lehenagotik jada existitzen ginen biktima batzuei hain zuzen; eta arau juridikoa bera, biktima hauek bagarelako sortua izan dela, eta ez alderantziz. Ondorioz, ulertu beharko luke, gizartearen eskariz idatzitako legeak nahi adina erasotuta ere, Estatuaren biolentziak eragindako biktimak berdin berdin existituko garela.

Eta hau ondorio benetan larriak dakartzan erabaki bat da gainera, ez soilik Legearen kontrako errekurtsoaren eraginpeko biktimentzat, baita Legebiltzarraren erabakimenarentzat ere, gizarte oso baten borondatearekiko errespetu falta izugarriaren erakusle izateaz gain. Bai EAEko Legebiltzarrak, bai euskal gizarteak oso modu argian adierazi izan dute beren iritzia: aitortza eta erreparazioa biktima guztientzat, baita Estatuaren biolentziaren eta honen babespean jardundako segurtasun-indarren, edota talde para-polizial eta eskuin-muturrekoen ondorio direnentzat ere.

Bere garaian adierazi zitzaigunez, Legearen baitan zenbait hobekuntza alde batera utzi beharra zegoen, honi ziurtasun juridiko maila altuago bat eskaintze aldera. Desiratutakoa baino okerragoa izan arren, elkarbizitzaranzko eta gertatutako guztia ezagutzeko aurrerapauso txiki bat suposatzen zuen Lege honexek. Orain, ordea, Gobernu Espainiarrak bere errekurtsoa epaile eta epaitegiei dagozkien eskumenak Balorazio Batzordearen esku uzten direla esanaz arrazoitu nahi du. Iruzur bat besterik ez da hau.

Legeak, eremu administratibotik, jada preskribatutako krimenen gainean dihardu, eta ez inondik inora krimen hauen arduradunei zigor-neurriak ezartzeko lanetan. Biktima aitortzea du helburu, eta ez biktimarioa epaitu edo kondenatzea.

Edozein modutan, paradoxikoa eta iraingarria da Estatuak orain epaitegi eta epaileen eskuduntzak aipatzea, krimena gertatutakoan edo hau preskribatu aurretik hauen inguruko inolako berririk izan ez dugunean. Gogora dezagun guk justizia ez dugula sekula lagun izan, eta orain argudiatzen duten justizia omisio horixe izan dela hain zuzen herri honetako hainbat eta hainbat pertsona inpunitate osoz erahil izanaren edo hauen oinarrizko giza eskubideak urratu izanaren arduradun bakarra.

Biktima guztiak aitortu eta erreparatzea termino demokratikoetan elkarbizitza eraiki ahal izateko oinarri-oinarrizko pausoa da. Eta biolentzia politikoaren biktima guztiak aitortu eta erreparatzea, gure herrian bizitako tragediaren erradiografia osatzeko ekarpena da; zer gertatu den ezagutzea, berriro gertatuko ez dela bermatzeko. Guk argi dugu: ukaezina den egia bat zalantzan jartzeko errekurtso eta saiakera hutsal ororen gainetik, testigantzak jasotzen jarraituko dugu, gure lana errelato ofizialarentzat inkomodoak suertatzen diren biktima horien guztien esku jartzen, gatazka politikoaren testuinguruan jazotako giza eskubideen urraketen eta bestelako sufrimenduen mapa osatu artean, gertatutakoa kontatzerako garaian ahaztua izan ez dadin.

Hori dela eta, tortura jasan duten horiei, zaurituak izan ziren horiei eta Estatuak eragindako biolentziaren ondorioz erahildako horien senideei dei egiten diegu Egiari Zor Fundazioarekin harremanetan jartzeko.

Egiari Zor Fundazioa