Egun Egiari Zor Fundazioaren lan nagusia biktima guztientzako aitortza eta erreparazio maila bera ziurtatuko duen marko legal berri baten erdiestea da. Zentzu horretan, garrantzia berezia hartzen dute “trantsizioa” deitua izan den garai horretan jazotako giza eskuibideen urraketa kasuek. Garai honetan pairatutako errepresioa, sistema diktatorial frankistari jarraipena ematea soilik bilatzen zuena, izugarria izan zen, bereziki Euskal Herrian, baina baita Estatu Espainiarreko gainontzeko herrietan ere. [...]

Abuztuaren 10ean amaitu da 1960 eta 1978 urteen artean motibazio politikoko biolentzia jasan zuten biktimek 12/2016 Legearen baitan aitortza eta erreparazioa jaso ahal izateko eskaerak egiteko epea. 2017-08-11 00:00:01[...]

Pasa den uztailaren 28an Eusko Legebiltzarrak “Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 artean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa” emateko Legea onartu zuen. Honen bidez, Eusko Jaurlaritzaren asmoa Estatuaren biolentzia pairatutako pertsonei, polizia-biolentzia pairatutakoei, torturatuei,… babesa eskaintzea zen, biktima definizioan aurrerapasoak emanaz gainera, aurreko testuekin alderatuta.

Lege honek teorian 78 eta 99 urteen arteko biktimak aitortu eta erregulatu asmo bazituen ere, urte bitarte horretako eskaerak egiteko prozedura ez da aktibatuko, erreglamentua landu gabe egonagatik. Aitzitik, lehenago giza eskubideen urraketak jasandako pertsonei bigarren aukera berri bat emango dien beste prozedura bat bai jarriko da martxan. Beraz, paradoxikoa badirudi ere, 78 eta 99 urteei erreferentzia egingo dien Legeak, 60 eta 78 urte artean giza eskubideen urraketak jasandako pertsonei eskainiko die aitortuak izateko aukera.

Eusko Jaurlaritzak eta Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak egin duten Lege honen gaineko kudeaketa negargarritzat jo daiteke. Izenak berak sortu duen nahasturaz haratago, eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 10ean amaitzen zela (12 hilabete zabalik egon ostean) ez zen aurtengo otsailera arte jakinarazi, Jaurlaritzako zerbitzu juridikoen interpretazio akats bat zela medio. 12 hilabeteko epea mota honetako eskaera bat tramitatzeko eskasa bada, 7 hilabetetan aitortuak eta erreparatuak izan behar duten biktima guztiengana heltzea, dokumentazio guztia prestatzea eta eskaera tramitatzea ia ezinezkoa da.

Gainera, kontutan hartu behar da 60 eta 70. hamarkadetan urraketak -torturak, zauri larriak edota heriotza- jasan zirela frogatzeko dokumentazioa biltzen saiatzeak duen zailtasuna. Informazio hau sarritan ez da existitzen, kasu gehienetan “existitzeari utzi dio” edota eskuratzea ukatu egiten da (mediku-txostenak, forentseenak, poliziarenak, militarrak, etab.). Lortzeko bake epaitegiak, udal erregistroak, mediku- eta epaitegi-erregistroak bisitatu behar dira. Eta gainera, sarritan diktadura bateko segurtasun-indarrek eraikitako bertsio ofizialen kontra borrokatu beharra ere badago, egungo zenbait txosten juridikok hauek ontzat dituztelako. Mota honetako egoerak berriro bizitzea mingotsa da oso, pertsona baten bizitzan marka ezabaezina uzten baitute. Denbora, pazientzia, tinkotasuna eta adorea beharrezkoak dira.

Tramite guzti hauek giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonek edo haien senitarteko eta gertuko lagunek egin behar izan dituzte (kontutan hartu behar da hirurogei eta hirurogeita hamargarren hamarkadetan urraketak jasan zituzten pertsonen adina zein den), Administrazioaren inolako laguntzarik gabe eta hilabete gutxitako epe laburrean.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Idazkaritza Nagusiak ez dute interesdunekin harremanetan jartzeko bide zuzenik erabili, aitortuak eta erreparatuak izateko prozedura zabalik zenaren berri eman ahal izateko. Prentsan iragarki soil bat ere ez da jarri. Biktimekin edo haien senitartekoekin zuzenean ez da hitz egin (gutunen bat uztailaren erdialdean heldu da). Biktimak izan dira tramitazio guztiak online eta ziurtagiri telematikoekin egin behar izan dituztenak (29/2015 Legea martxan jartzearekin batera). Finean, ez da inolako laguntzarik eskaini horren delikatua den gai bati dagokionean.

Guzti hau dela eta, Egiari Zor Fundazioaren iritzitan, administrazio-prozeduren zorroztasuna baloratzera sartu gabe, benetan ulergaitzena zera da: Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiak tamaina honetako erronka baten aurrean erakutsi duen sentiberatasun falta.

Gure Fundazioak egun bere lana euskal gatazkaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak jasoko dituen mapa global bat osatzera; eta biktima guztientzako aitortza eta erreparazio maila bera ziurtatuko duen marko legal berri baten erdiestera bideratzen du. Zentzu horretan, azken hilabeteotan, gure eskura genituen interesaturiko ahalik eta pertsona gehienekin harremanetan jartzen saiatu gara, eskaerak aurkezteko gomendioa luzatzeko. Helburu berarekin deialdi publikoak ere egin ditugu.

1960 eta 1978 urte bitarteko giza eskubideen urraketak jasotzen dituzten zentsoek honako datuak eskaintzen dituzte: gutxienez 1.566 pertsonak torturak jasan zituzten; 250 pertsona inguru larriki zauritu zituzten; eta gutxienez 118 pertsonari urratu zitzaien bizitza-eskubidea (horien artean gutxienez 76k ez dute oraindik inolako aitortzarik jaso).

Ahalegina handia izan bada ere, ezinezkoa suertatu zaigu guztiekin kontaktuan jartzea, zentso oso zabalak eskura izanda ere, nahikoa bitarteko ez baitugu guztiengana heldu, dagokion moduan informazioa eman eta eskaerak tramitatzen laguntzeko. Hori dela eta, 30 eskaera inguru tramitatzen laguntzera soilik heldu gara.

Lan eskerga hau aurrera eraman dugu, guretzat, hasieratik esan izan dugun moduan, Lege honek euskal gatazkaren testuinguruan jazotako giza eskubideen urraketen errealitate osoari erantzuten ez bazion ere. Baina hala ere, egia osoa ezagutzeko bidean aurrerapauso bat zela ez dugu zalantzan jarri, bereziki bizikidetza eraikitze bidean gauden honetan. Hori dela eta, garrantizitsua generitzon pauso hau emateari.

Benetan kezkagarria dena abuztuaren 10ean gure historiako kapitulu bat itxitzat eman nahi izatea da, osatugabea dela dakigun errelato bat ofizializatzeko borondatearekin, errealitatea erradikalki ezberdina dela aurrez jakinik. Frankismo garaiko azken urteak eta Trantsizio deitua izan den garaia urte odoltsu eta bortitzak izan ziren, Estatu Frankistak erabilitako biolentzia zela eta bereziki. Zentzu horretan, 102/2012 Dekretuaren baitan aitortutako 187 biktimak, icebergaren punta besterik ez dira.

Guzti honi 2017. urteko maiatzean Espainiako Gobernuak Legeari errekurtsoa aurkeztu izana gehitu behar diogu gainera , Estatuak eta bere aparatoek sortarazitako biktimen existentzia ukatzen duen errelatoari bulkada berri bat eman nahian. Biktimak momentu honetan inolako baliorik ez duen Lege baten arabera jardun dira eskaerak aurkezten. Honek sorrarazi duen intseguritate juridikoak pertsona eskatzaileengan deskonfidantza izugarria eragin du. Horrelako bide bati ekiteak biktima batentzat sarritan oraindik guztiz sendatu gabe dagoen zauria berriro zabaltzea dakar. Prozesu honen ondorio emozionalek kasu askotan inolako tramiterik ez egin nahi izatea eragin du, autobabesketa ariketa gisara, aitortzarik jasoko ez denaren esperantzarik gabe.

Ondorioz, Egiari Zor Fundaziotik, Eusko Jaurlaritzaren eta Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiaren jarrera gaitzetsi nahi genuke: eskaeren administrazio-prozeduraren kudeaketa eskasagatik; Legearen tramitazio prozesuan jarritako traba eta zailtasunengatik; informazio gabezia nabarmenagatik; herritarren giza eskubideen aitortza eta erreparazioarekin zerikusia duten legeei epeak ezartzek duen zentzu etiko gutxiagatik; sorrarazitako intseguritate juridikoagatik; eta Dekretu eta Legeak marko tenporalen arabera antolatzen jarraitzeagatik, horrela hainbat eta hainbat biktima kanpo utziaz.

Guzti honek Lege hau arau gaizki kudeatutako arau urri bat izatea eragin du, hain zuzen testuari zentzua ematen dioten guzti horien kaltetarako: biktimak. Zentzu horretan, azken urte honetan sorrarazitako egoera hau konponbidean jartze aldera, honako eskaera luzatzen diogu Eusko Jaurlaritzari eta Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiari:

Batetik, haien azalean gatazkaren ondorioak pairatu behar izan duen pertsona ororekiko jarrera proaktibo bat izateko eskatzen dugu. Bizikidetza termino demokratikoetan posible egiteko biktima oro aitortu eta erreparatzea oinarrizko pauso bat baita, giza eskubideen urraketa oro eta bestelako sufrimenduak jaso eta aitortuko dituen mapa guztiz osatzera heltzeraino. Zintzoki uste dugu egoera honek hausnartzera eraman beharko gintuzkela, zentsoetan egon badauden urraketak aitortu eta erreparatzeko Legeak martxan jartzen badira ere, biktima gisara aitortza zergatik heltzen ez denaren inguruan. Ondorioa garbia da: instituzioen ardura da martxan jartzen diren legeen gaineko informazioa hauek zuzenduta dauden pertsonengana behintzat iristen dela bermatzea.

Bestetik, aitortza eta erreparaziorako Lege berri bat idatzi eta martxan jartzea ere eskatzen dugu, giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktima orori babesa eta sostengua emateko; errekonozimendua urte jakin batzuen baitara mugatuko ez duen denbora-eperik gabe; eta eskaerak aurkezteko mugarik gabe.

Proposamen honekin, legezko mekanismo seguru baten bidez biktimei konfidantza eskaintzea bilatzen dugu, arrazoi bat edo beste dela medio oraindik eskaerarik aurkeztu ez duten horiei, etorkizunean pauso hori emateko aukera izan dezaten, prest daudenean edota nahikoa dokumentazio patxadaz biltzeko beta izan dutenean. Horretarako, balorazio batzordea periodikoki biltzea proposatzen dugu, ordura artean aurkeztutako eskakizunak apurka aztertzen eta erresolbitzen joateko. Ziur baikaude urraketa guztien aitortza osoak prozesu mantso baina etengabea behar duela izan, etorkizunean fruitua eman dezan.

Azkenik, lan honetan laguntzeko eta aholkularitza eskaintzeko gure borondate osoa azaldu nahi genioke bai Eusko Legebiltzarrari, bai berau osatzen duten alderdi politiko guztiei, bai Eusko Jaurlaritzari eta baita, noski, modu berezian, Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiari ere.

Egiari Zor Fundazioa