Abuztuaren 10ean amaitu da 1960 eta 1978 urteen artean motibazio politikoko biolentzia jasan zuten biktimek 12/2016 Legearen baitan aitortza eta erreparazioa jaso ahal izateko eskaerak egiteko epea. [...]

Mikel Soto iruñearrak parte hartu zuen Egiari Zor Fundazioaren aurkezpen ekitaldian. Idazlea eta editorea ere bada, ez torturatua bakarrik. Larunbatean artikulu zoragarri honekin egin zigun opari Gaur8n-eko orrietatik. 2012-05-12 19:52:08[...]

Mikel Soto Nolasco

Akordatuko naiz

Akordatzea gizakiok etengabe egiten dugun ekintza mekanikoa da. Baina ekintza mekaniko hori kontziente eta kolektibo bihurtzean, oroitzen dugunaz eta oroitu nahi dugunaz galdegiten diogu geure buruari. Aurrekoan, Egiari zor fundazioa aurkeztu genuenean, iraganaz gain, etorkizunaz pentsatu nuen eta, memoria tranpati ustela dela jakinik, egun horretaz oroituko ditudanak hona aldatu nahi izan ditut.
Akordatuko naiz Egiako kultur etxearen atean zain geundela, Ekaitz Gerrikagoitia ikusi nuela eta irribarre egin eta elkarri “zu ere hemen” esan geniola eta, beti bezala, harritu egin nintzela bere anaiaren antz-antzekoa delako. Eta Zigor eta Urko Boluetan hil zirenetarik bi zirela esan zidaten gauaz gogoratu nintzela. Hondartza huts batean bainatu nintzen, ezer, inoiz, berdina izango ez zela jakinik.
Akordatuko naiz mahaian egotekoak ziren hildakoen senide batzuk harmailetan gora egina zutela jendearen artean galtzeko asmoz eta antolakuntzakoek jaisteko eskatu zietela; horien artean Antonia Manot zegoela, Txikiren ama. Harmailak jaisten ari zela gogora etorri zitzaidan haren beste seme bat, behin, malko artean, anaiaren heriotza kontatzen entzun nuela. Akordatzen zen nola Txikik, irribarrez, Eusko gudariak kantatzen zuen tiro egiten zioten bitartean.
Akordatuko naiz, nire aurrean, mahaian eserita zeudela Idoia Muruaga, kartzelan hil zen Igor Anguloren neska-laguna, eta Karmelo Arregi, Guardia Zibilak Irunberriko arroilan erail zuen Susana Arregiren neba. Eta nire ezkerrean Tamara Muruetagoiena zegoela, guardia zibilen torturek erail zuten Esteban Muruetagoienaren alaba, eta nire eskuinean Mari Carmen Mañas, polizia nazional batek eta haren semeak erail zuten Anjel Berruetaren emaztea.
Akordatuko naiz min itzel horrek inguratuta, nire mina txikitzen sentitu nuela. Esku batean kabitzeko modukoa zela iruditu zitzaidan, intxaur txiki baten tamainakoa; gogorra eta latza kanpotik, izurtsua eta mingotsa barrutik, eta ez nuen jakin zer egiten nuen nik han, oinazearen katedral inprobisatu horretan.
Akordatuko naiz, kostata, baina bat-batean harro sentitu nintzela hor egoteaz, Egiari zor-eko kideei nire mina aintzat hartzeko modukoa zela iruditu zitzaielako eta duintasun itsaso horretan tanta izateko oparia egin zidatelako.
Akordatuko naiz, prentsaurrekoa hastear zegoenean, itsu zegoen lagun bat agertu zela, eta gizon horretaz pentsatzen gelditu nintzela, ez bainuen ezagutzen, eta jakin nahi izan nuela norbaiten senide zelako ote zegoen hor ala poliziaren batek egindako edozein kalamitatek itsu utzi zuelako.
Akordatuko naiz manifestua irakurtzen joan ahala pozik sentitu nintzela, gure egia azaltzen ari ginelako, inork gure egia zapaltzen utzi gabe eta guk ere inoren egia zapaltzeke. 
Akordatuko naiz hitz egiten amaitzerakoan denok txaloka hasi ginela eta, antzerkian bezala, inork ez ziola txalo egiteari utzi nahi eta, segundoak aurrera joan ahala, pentsatu nuela aurrean geneuzkan Vocento eta abarretako kazetariek segur asko ez zutela ulertuko zeri egiten genion hain luzaroan txalo.
Akordatuko naiz, prentsa joan zenean, oraindik eserita geundela, Idoia Muruaga zutitu egin zela, buelta eman eta guztioi hitz egin zigula: “Eskerrik asko etortzeagatik. Badakit hau zaila dela, guztioi gauza asko mugitzen zaizkigula, baina ikaragarria da gu guztion argazki hau. Harro gaude gure senideengatik eta harro gaude gugatik. Mila esker, bihotzez”, eta eztarrian mina sentitzen hasi nintzela ez nuelako jende horren guztiaren aurrean negarrik egin nahi.
Akordatuko naiz nik ere buelta eman eta nire kabutan Jose Mari Esparzak horrelakoetan bota ohi duen “¡Qué nobleza de país!” bota nuela.
Akordatuko naiz egun gogorra izanagatik ere, ez nintzela lipar batez ere triste egon. Hunkituta sentitu nintzen, aspaldi geure buruari zor genion egia bat esan genuelako, eta aspaldi genekiena elkarri aitortu geniolako; egia bat esateagatik berriz ere gure seme-alabak hiltzen badizkigute, bikoteak bortxatu, edo idazteko erabiltzen dugun eskua ebaki, inoiz, inola, inon, ez garela isilduko.

Egiari Zor Fundazioa