Legearen helburua errekonozimendua eta erreparazioa izanda ere, Estatuak, berriro ere, argi adierazi du bere errelatoa zalantzan jarriko duen ekimenik ez duela onartuko. Egiari Zor Fundazioak giza eskubide urraketa bat bera ere aitortu gabe ez geratzeko lanari eutsiko dio. [...]

Badira ia hiru urte Remi Ayestaran, Villabonako alkateordea, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz hil zela. Horren harira, salaketa eta omenaldia beste behin ere egiteko asmoa dute Remi Gogoan Ekimeneko kideek. Lerro hauetan gogoeta zein deialdia laburbiltzen dira, estatuen indarkeriaren dimentsioa ikustarazteko beharra inoizko handiena baita. 2012-06-09 15:21:22[...]

Remi Ayestaran, Villabonako alkateordea


Remi Gogoan Ekimenak helburu argia izan du bere sorreratik: 2009ko uztailaren 31n gertatu zenaren inguruko egia osoa jakitea eta honen inguruan justizia egin dadila eskatzea.

Mediatikoki kontatu zenaren eta egun hartan bizi izan genuenaren artean alde handia dagoela azaleratu nahi izan dugu. Horregatik, egia eta justizia exijitzeko lan egingo genuela agindu genuen publikoki aurreko urteurreneko omenaldian. Helburu horrekin, epaitegietako bidea hasi zuen familiak gure laguntza eta babes osoa jaso zuen. Kasua irekitzeko beharrezko pauso guztiak eman genituen abokatu baten laguntzarekin. Bide honetan ezin dugu ahaztu Amasa-Villabonako Udalak emandako babesa ere, Udalaren osoko bilkura batean hala erabakita. Hartara, hainbat herritar epaitegian lekuko gisa deklaratzeko prest izan ziren, benetan gertatutakoaren testigantza emateko.

Baina lehendabizi Tolosako instrukzioko epaitegiak eta errekurtso baten ondoren bigarrengoz Gipuzkoako probintzia auzitegiak, 7/2012 autoan, auzia artxibatzea ebatzi dute, Remirena berezko heriotza izan zela argudiatuta. Horretarako, Ertzaintzaren atestatua, Asunciongo mediku txostena eta autopsia oinarri hartuta.

Ez zuten inolako testigantzarik jaso edo bestelako ikerketarik eskatu. Justiziaren jokabideak harrituta utzi gaitu, are gehiago gaur egungo egoeran eta politikariak bi aldeetako biktimez eta bakerako ponentziez etengabe hizketan entzuten ditugunean.

Erabaki horren aurrean, gure salaketa gogorrena egin nahi dugu. Izan ere, argi eta garbi daukagu, Remi Ayestaran Villabonako alkateordea ez zela berez edo bihotzekoak jota besterik gabe hil, baizik eta salbuespen eta jazarpen egoera baten ondotik eman zuela azken hatsa. Eta gertatutakoaren erantzuleak ardurak bere gain hartzea exijitzen dugu, legezkoa dela uste baitugu. Hortaz, epai bideak oraingoz alde batera utzi arren, ez dugu baztertzen etorkizun batean arlo horretan beste bideren bat jorratzea.

Bestalde, ekimenetik ozen txalotu nahi dugu sortu berri den Egiari Zor Fundazioa. Fundazioaren sorrerako adierazpenarekin bat egiten dugu eta gure babes osoa eskaintzen diogu. Remi bezalako biktima asko daude Euskal Herrian eta beraien memoriaren alde egiten den guztiak etorkizunean horrelakoak ez errepikatzeko balioko duela uste dugu. Puntu honetan poliziaren jazarpenak eragindako azkeneko biktima ekarri nahi dugu gogora, Iñigo Cabacas, joan den apirilean Bilbon Ertzaintzak botatako pilotakada batek hil zuen gaztea. Besarkada bat bidali eta gure elkartasuna agertu nahi diegu haren senide eta lagunei. Eta Iñigo Gogoan ekimenak egin bezala, guk ere beste polizia eredu bat eskatzen dugu, egungo ereduak segurtasuna eman beharrean, beldurtu egiten gaituelako.

Biktima horien guztien alde egindako urratsak benetako bake eta askatasun agertoki baten sorrerarako positiboak izango direla pentsatzen dugu. Horregatik, aurrerantzean Egiari Zor Fundazioarekin harremanetan jartzeko asmoa azaltzen dugu, bidelagun izango garelakoan. Amaitzeko, aurretik aipatutako helburuak berretsi eta uztailaren 31ko omenaldia antolatzeari ekingo diogula iragarri nahi dugu.

Egia eta justizia! Remi gogoan!

Unai Urreaga, Remi Gogoan Ekimena

Egiari Zor Fundazioa