Abuztuaren 10ean amaitu da 1960 eta 1978 urteen artean motibazio politikoko biolentzia jasan zuten biktimek 12/2016 Legearen baitan aitortza eta erreparazioa jaso ahal izateko eskaerak egiteko epea. [...]

Gaur Lakuako gobernuak onetsi duen estatuen biktimei aitortza eta ordaina emateko dekretua dela eta, bere irakurketa plazaratu nahi du EGIARI ZOR Fundazioak.  Ekainean zehar eta Dekretuaren edukinak zehaztasun handiagorekin irakurri ondoren, beste balorapen bat egingo dugu agerraldi publiko batean. 2012-06-12 19:03:59[...]

Dekretuaren arduradunak

Oso dekretu txarra


Eusko Jaurlaritzak ez ditu batere kontuan hartu orain arte ez egiarik ez justiziarik ez erreparaziorik jaso duten biktimen dekretua hobetzeko proposatu zitzaizkion emendakin garrantzitsuenak. Izan ere, Estatu terrorismoaren biktimen ezagutzan benetako aurrerapausoak ematea kosta ahala kosta ebitatu nahi duen Madrileko Gobernuaren presioei men egin baitie erabat.
Frankismo garaikoak Estatu terrorismoaren biktimak izan ziren, bai, eta ez “polizi bidegabekerien” biktimak dekretu horrek sinestarazi nahi digun bezala. Diktadura frankista Estatu terrorismo hutsa izan baitzen, dekretu honi bidea egiteko Gasteizko Parlamentuan aurkeztu zen informean jaso bezala. Hark literalki zioenez, garai hartan, «diktaduraren aurkarien kontrako errepresioa Estatuaren aparatutik gauzatzen zen, Estatuaren babes osoarekin», eta «herritarren artean terrorea hedatzea bilatzen zen, errebindikazio politikoaren zabalkundea saihesteko».
Estatu terrorismoaren biktimek orain arte jasan izan duten diskriminazioa ETAko biktimekin alderatuz begi bistakoa da, eta dekretu honen ondoren ere Estatuaren biktimak bigarren mailakoak izaten jarraituko dute, eta haien memoria instituzioen erabateko babesa eta begirunea duten biktimen mendeko. ETAko biktimen memoriaren mendeko, hain zuzen ere.
Adibidez, Estatu frankistaren jarraipen zuzena izanik bere erantzukizuna aitortzeari uko egiten jarraitzen duen egungo Estatu espainiarraren biktimentzako iragarri dituzten kalte ordainak nabarmen txikiagoak dira ETAren biktimentzat onartuak daudenak baino.
Gainera, dekretuak dio inolaz ere ez dituztela onartuko biktima gisa «edozein aktibitate bortitz egiten ari ziren pertsonak» eta hori asmo nabarmen batekin, frankismoko errepresio indarrek eraildako ETAko militanteak edo haiekin enfrentamenduetan hildakoak biktimak izan zirela ukatzea. Baldintza berberetan hildako indar errepresiboetako partaideekin ez da horrelakorik gertatzen, ordea, eta haiek terrorismoaren biktimak izan zirela ukatzea irain larritzat hartuko litzateke.
Diskriminazioa begi bistakoa da halaber biktimak direla onartzeko biktimei exijitzen zaizkien baldintzei dagokionez. Giza Eskubideen nazioarteko estandarrei jarraituz, bere osotasun fisiko edo/eta psikikorako eskubidea urratu zaion oro da biktima, beste baldintzarik gabe. Terrorismoaren Biktimen Legeak irizpide horri eutsi zion, baina dekretu honen arabera biktimek lesio iraunkorrak dituztela probatu beharko dute biktima gisa onartuak izan daitezen.
Guztiz onartezina den exijentzia horren eragina nabarmena izango da, oso gutxi baitira Balorazio Batzordearen aurrean pasatzeko ezarri dituzten baldintzak bete ahalko dituzten biktimak; bereziki, torturaren biktimak, zeintzuek kasu gehientsuenetan haien testigantza gordin bezain ikaragarria besterik ezingo baitute aurkeztu. Horrela, berriro ere umiliatu egingo dituzte  espainiar Estatuaren milaka biktima, zor zaien egia ukatuz eta horrenbestez baita justizia eta erreparazioa ere, gertatu zitzaiena berriro errepikatuko ez den bermearekin.
Berriki Jon M. Landak, EHUko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohiak, artikulu batean salatu duen bezala, «hil egin zen, zauritu, bahitu, sexualki bortxatu, torturatu... eta gero aztarnak ezabatu ziren». Eta aztarna horiek ezabatu zituena «bere burua eraginkortasunez babesten duen Estatua» izan zenez, Jon Landaren arabera beharrezkoa da, «bere jarduera kriminala konpentsatzeko, inbertsio eraginkor bat eman dadin frogaren zamari dagokionez»; hots, frogaren zamari aurre egin behar diona Estatu izan behar dela eta ez biktimak.
Horregatik gaude erabat ados hainbat pertsonalitate, agente politiko zein sozial  eta Euskal Herriko mugimendu memorialistak proposatzen duten soluzioarekin; hau da, egia bilatzeko mekanismo proaktibo bat sortzearena. Ezaugarri hauek izan beharko dituen Egiaren Batzorde bat, hain zuzen: egia bilatzeko nahikoa bitarteko pertsonal eta material izango dituena, independentzia eta autoritate moralarekin buru belarri egiaren bila jarduteko. Biktimei laguntzeko bitarteko egoki bat izan behar du, haien egia esan eta entzunarazi ahal izan dezaten, eta horretarako ezinbestekoa da Batzordeak ikerkuntzarako ahalmena izatea Gobernuaren gainetik eta haren menpe egon gabe. Baita finantza aldetik autonomoa izatea ere eta behar bezainbesteko baliabide izatea.
Dekretu honek, ordea, zeharo gobernukoa izango den Balorazio Batzorde bat besterik ez du aurreikusten, bere partaideetako gehientsuenak Gobernuak izendatuko baititu, edo zuzenean edo zeharka. Bere betebeharra, gainera, ez da inolaz ere egiaren bilaketa izango baizik eta kalte ordainak ematearena, arazoren muinari batere heldu gabe. Zoritxarrez, ez baitute inongo borondaterik Estatuaren inpunitate eta autoestalketaren kontra ekiteko.
Dekretu hau oso txarra dela erakusten duten arrazoi gehiago azaltzen jarrai dezakegu, baina gure ustez azaldutakoak jada nahikoa eta gehiegi dira. Soluzioa zein den ere esan dugu, arazo larri honi behingoz ausardiaz aurre egingo dion Egiaren Batzorde bat. Gure esku dago lehenbailehen osa dadin lortzea. Animo eta jarrai dezagun lanean horren atzetik!

Egiari Zor Fundazioa