Fundazioak Bakegintza eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiak pasa den apirilean Plana aurkeztu zuenetik ekarpenak lantzen eta kontrastatzen jardun du Egiari Zor osatzen duten kide ororen artean. Hilabetetako lan horren emaitza, ekainaren 23 goizean Bilboko Eusko Jaurlaritzaren delegaritzan aurkeztu da. [...]

Elkarren mina aitortu eta denek eskubide berberak dauzkatela esan dute jatorri askotako biktimek, bat eginda. ETAren, GALen, Batallon Vasco-Españolen eta Poliziaren biktimak bildu dira Glencree ekimenean, elkarren egoeraren berri izateko.


  2012-06-18 19:53:22[...]

Glencree Ekimeneko partaide batzuk prentsaurrekoan

Mina herritar askori eta modu askotara eragin diela indarkeriak, giza eskubideak urratu egin dizkietela batzuei eta besteei, hori kasu guztietan bidegabea dela eta kaltea denei aitortu behar zaiela. Azken urteetan isilean egindako lanaren eta gogoetaren fruitu, oinarri horietan ados daudela adierazi dute bateko eta besteko biktimek. ETAren, GALen, Batallon Vasco-Españolen, Komando Autonomo Antikapitalisten eta Poliziaren indarkeria pairatu duten 25 bat lagunen topagune izan da Glencree ekimena azken bost urteetan; elkarrekin egindako gogoetatik atera dituzte gutxieneko horiek. Ekarpena egin nahi izan dute, bakerako bidea sendotzeko eta gizartean elkarbizitza areagotzeko. Orain, gogoetaren berri emanda, desegin egin dute taldea.

Gogoetak bai, baina irudiak ere esanahi handia hartu zuen atzo. Agerraldi berean, Donostian, elkarren ondoan, indarkeria era batera edo bestera jasan duten pertsonak: ETAk hildako guardia zibil baten alaba eta guardia zibilek torturapean hildako etakide baten arrebak elkarren ondoan; hildako polizien senideak, eta poliziek hildakoenak. Iritzi politikoetan ados ez daudela lehen unetik utzi zuten argi, ikuspegi bat duela norberak. Baina, horren gainetik, gai izan dira indarkeriaren aurkako eta denen eskubideen aldeko adierazpen batean ados jartzeko. «Entzunez eta hitz eginez lortu dugu adostasuna, desadostasun ideologikoen gainetik; ez ditugu isilarazi desadostasun horiek».

2007tik aritu dira hizketan biktimak, gero eta talde handiagoetan. Hedabideetatik eta joko politikotik urrun, Irlandan, Glencree herrian hasi ziren biltzen —horregatik du izen hori ekimenak—, eta Espainian egin zituzten gero, betiere Euskal Herritik kanpora.

Politikatik urrun egon dira, ez baitaude ados biktimei ematen zaien tratuarekin. Hori diote adierazpenean: «Ez gatoz bat gu deskribatzeko sarri erabiltzen dituzten definizioekin eta kontzeptuekin». Biktimak askotarikoak eta asko direla ohartarazi dute, eta hori gaur egun ez dela aintzat hartzen: «Ez zaigu gustatzen gizartean nola hitz egiten den gure errealitateari buruz, plurala eta askotarikoa baita». Urratsa egin behar izan dute, beraz: biktimen arteko banaketak eta desberdintasunei bizkar eman, eta guztiak mahai berean eseri, bizipenei buruz hitz egiteko. «Tabuak eta oztopoak hautsi ditugu, errespetuz hurbiltzeko elkarrengana. Beldurrak eta estereotipoak gainditu ditugu, baita frustrazioak eta bakoitzaren minezko esperientzia ere».

Asko eta askotarikoak

Biktimak askotarikoak direla nabarmendu zuten, eta agiria irakurtzean bistan jarri zuten: guardia zibilek hildako Joxean Lasaren arreba Axunek eta ETAk hildako Jesus Maria Pedrosa PPko zinegotziaren alargun Maria Carmen Hernandezek irakurri zuten. Isilik egon ziren gainerakoak, bukaerako txalo zaparradara arte.

Askotarikoak direla bai, baina indarkeria pairatu izanak batzen dituela agertu nahi izan baitzuten. «Bidegabeko sufrimendua» jasan dutela aitortu dute, eta, areago, elkarri onartu diote hori; norberak agertu du bere mina, eta gainerakoek aintzat hartu dute. Pauso hori «elkarbizitzaren aldeko ekarpena» izatea nahi dute. Bai baitago zer egina oraindik ere, biktimek gogorarazi dutenez: «Eskubideen urratzaileek ahaztu eta ukatu egin gaituzte, eta erakundeen aldetik modu desberdinean jaso dugu laguntza». Guztiek jasandako mina «bidegabea» izan dela salatu dute, «apropos egina eta denboran luzatu dena».

Taldean egin dutena gizarteak oro har egitea nahi dute: indarkeriaren eraginez jasandakoa aitortzea biktimei. «Denok eskubide berberak merezi ditugu: egia, justizia, memoria, aitortza eta kaltearen ordaina». Bereziki egin diete deia indarkeria eragin dutenei: egindakoa onartzeko eta erantzukizunak hartzeko eskatu diete. Zer egin beharko luketen galdetuta, ez dute eman erantzun argirik: «Guztiek ez dute keinurik egin orain arte. Ez dugu guk esango zer egin behar duten; zerbait egiteko gonbitea egin nahi diegu guk». Nabarmendu dute «desiragarri eta beharrezko» direla sortutako mina aitortzeko keinu horiek.

Gizarteak ere zeregina baduela adierazi dute biktimek agirian. «Iragana era autokritikoan aztertzera dei egin nahi diogu, betiere egiarekiko eta justiziarekiko konpromisoan oinarrituta». Bidea luzea izango dela ohartarazi dute, eta gorabeheratsua: «Zauriak osatzeko ez dago tentsiorik eta gatazkarik gabeko prozesurik».

Bide horretan ekarpena egin dutelakoan, amaitutzat eman dute jarduna. Indarkeriak eragindako sufrimendu hori berriro ez gertatzea jarri dute xede, eta, horretarako, lan pedagogikoa egin nahi dute adierazpenaren bidez. Politikariei egin diete eskaria: ez erabiltzeko agiria joko politikoan.

Egiari Zor Fundazioa