Legearen helburua errekonozimendua eta erreparazioa izanda ere, Estatuak, berriro ere, argi adierazi du bere errelatoa zalantzan jarriko duen ekimenik ez duela onartuko. Egiari Zor Fundazioak giza eskubide urraketa bat bera ere aitortu gabe ez geratzeko lanari eutsiko dio. [...]

Atzo Bilbon gure Fundazioak egindako agerraldiaren berri prentsaren bidez jaso duzuen arren, irakurri genuen testu osoa eskuragarri izatea nahi dugu. 2012-06-24 18:32:51[...]

Jose Luis Sainz, Karmenlo Arregi, Elena Bartolomé eta Bego Fernandez

EGIARI ZOR Fundazioaren izenean deitu zaituztegu azken asteotan gure lan eremu eta iritzi esparruan koka daitezkeen gertakariak eman direlako Euskal Herrian. Izan ere, gure sorrera eta aurkezpen ekitaldian aurreratu genuen bezala, gero eta gizarte sektore gehiago ari da defendatzen egiaren beharra, biktima guztien eskubideak eta eszenatoki berri bat eraikitzeko premia. Hori oso pozgarria da guretzat.


Izan ere, instituzio nagusiek eta gatazkaren ondorio diren pertsona eta eragile ezberdinek konponbidearen norabidean lojika duten mugimenduak egin dituzte berriki, inork gutxik espero zitzakeen urratsak eta enplazamenduak eginez. Amaitu da batzuen irakurketa simplista: gure herrian indarkeria baliatuta gutxi batzuek beste guztien nahia zapuztu nahi zutela argudiatzea.


Horregatik, eta hasteko, Glencree Ekimenean parte hartu duten alde bateko zein besteko pertsonen ekarpena agurtu nahi dugu. Zintzoki uste dugu bakerako bidea sendotu eta gizartean elkarbizitza areagotzeko emandako urrats egoki askoa dela. EGIARI ZORek lehen unetik adierazi zuen bezala,  bakoitzak bere mina agertu zuen, eta gainerakoek aintzat hartu dute. Horrekin batera, denok eskubide berberak merezi ditugula aldarrikatzea ere oso garrantzitsua da: egia, justizia, memoria, aitortza eta kaltearen ordaina indarkeria jasan duten guztientzat, salbuespenik gabe. Dei berezia egin diete indarkeria eragin dutenei, alegia, egindakoa onartzeko eta erantzukizunak hartzeko eskatu diete alde guztiei. Beraz, Estatuak ere interpelatuak izan dira, argi eta garbi. Frantziak eta Espainiak ezin izango dute aurrerantzean ezikusiarena egin, beraiek ere eskubideen urratzaileak izan direla uste duten biktimak ugariak eta askotarikoak baitira.
Garai berrien ikurra ere badira, beste aldetik, Gasteizko Legebiltzarrek eta Lakuako gobernuak sustatu dituzten erabakiak. Memoriaren Institutua sortzea erabaki du legebiltzarrak. Biktima guztien errekonozimenduaren ibilbide instituzionala bukatu gabe eta ezker abertzalea ordezkatuta ez dagoen parlamentu batetik, baina mugitu dira. Memoria izatea ezinbestekoa da gertatutakoa berriro errepika ez dadin, oso garrantzitsua da une honetan bertan hastea memoria eraikitzen. Memoria bateratzailea izan behar du, eta biktima guztiak aintzat hartu. Espero duguna da ikasturte politiko berrian sentsibilitate guztien neurriko ildoa markatuko duen eta memoria guztiak aintzat hartuko dituen institutua sortu eta garatzea, orain iragarria dutena baino askoz ere instituto independenteagoa.


Ezkorragoa da, ordea, 1960 eta 1978 bitarteko estatuaren biktimei aitortza eta ordaina emateko Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretuari buruzko gure iritzia. Prentsa ohar bidez salatu genuen bezala, Jaurlaritzak ez ditu kontuan hartu orain arte ez egiarik ez justiziarik ez erreparaziorik jaso ez duten biktimen dekretua hobetzeko proposatu zitzaizkion zuzenketa garrantzitsuenak eta men egin die Espainiako Gobernuaren aldetik jaso dituen presioei, hasierako zirriborroan biktimek egia eta justiziarako duten eskubideei egiten zen aipamen oro ezabatuz eta erreparazio eskubidea kalte-ordain ekonomiko soilera mugatuz.


Dekretuan, frankismo garaiko biktimak «polizia bidegabekerien» biktimatzat jo dituzte «estatu terrorismoaren biktima” izendatu beharrean. Bestalde, dekretuak dio edozein aktibitate bortitz egiten ari ziren pertsonak ez dituztela onartuko biktima gisa. Gure ustez, horrela, ukatu nahi dute poliziek eraildako ETAko militanteak edo haiekiko liskarretan hildakoak edozein errekonozimendu edo erreparazio jaso behar dutenik. Lubakien eskeman jarraitzen du Jaurlaritzak, eskubideen urraketa eta bortizkeria bidegabeki pairatu duen pertsonen aitortza eta ordaina funtsezkoak direla ahaztuta.


Horrez gain, estatu terrorismoaren biktimak «bigarren mailakoak» dira oraindik ere, ETAren biktimekin alderatuz gero. Izan ere, Estatuaren biktimentzat iragarri dituzten kalte ordainak nabarmen txikiagoak dira ETAren biktimentzat onartu dituztenak baino. Jakina denez, EGIARI ZOR Fundazioaren lehen mailako helburua ez da ordaina ekonomikoa kosta ahala kosta eskuratzea, baina funsgabea eta doilorra iruditzen zaigu bereizketa hau.


Diskriminazioa begi bistakoa halaber biktimak direla onartzeko milaka pertsonari eskatzen zaizkien baldintzetan. Onartu duten dekretuaren arabera, kaltetuek lesio iraunkorrak dituztela frogatu beharko dute, hala onartuak izateko. Torturaren biktimek, esate baterako, gehienetan, haien testigantza gordina besterik ezingo dute aurkeztu. Horregatik, lege edo dekretu berri bat beharko da milaka herritarrei eragindako sufrimendu hori aitortu eta erreparatzeko. Tortura ikertuko lukeen mekanismo proaktibo independente bat osatzea lehen pausu egokia litzateke bide horretan.


Gaurko agerraldian deialdi argia egin nahi dugu. Joan den asteazkenetik irekita dagoen 1960 eta 1978 bitarteko estatuen biktimei aitortza eta ordaina jasotzeko aukera baliatzeko. Jaurlaritzak jarri dituen oztopo, muga eta salbuespen bidegabe guztien gainetik, estatu biolentziak eragindako ondorio guztiak onartu eta egia osoa sustatu dezaten exijitu behar diegu instituzioei, batik bat Jaurlaritzari. Era berean, estatu hilketen arduradun guztiak identifikatzeko beharra nabarmendu nahi dugu. Osatuko duten Balorazio Batzordeak, zeinak askoz ere independenteagoa izan beharko zukeen, mahaigaineratu beharko ditu urraketa guztiak, eta gure esku dagoena jarriko dugu kasu bakar bat ere aztertu gabe geratu ez dadin. Enfrentamendu bezala jantzitako hilketa guztien gainean argia egingo dugu.


Oro har, eta bide luze baten lehen urrats gisara begiratuta ere, gogor kritikatzen dugu aipatu dekretua. Nolanahi ere, gure lana eta prestutasuna eskaintzen dugu:
- Estatuen biktimekin lotutako gaiak aitortza, justizia, ordaina eta berriro ez errepikatzeko politika erreal eta integralen ikuspegitik elkarlanetik lantzeko. 
- Aipatu tipologia duten biktima eta kalteturiko pertsonak (edo bere senideak) identifikatzeko eta aurkitzeko elkarlanerako.
- Biktimazio horien guztien pertsona zein taldeen kaltetuak zeintzuk diren adosteko. Alde guztiek onartutako eta kontrastatutako erroldak behar dira. Gurea eramango dugu instantzia guztietara, baita Jaurlaritzaren bulegoetara ere.

Bukatzeko, datorren ikasturtean bultzatuko ditugun lan ildoak aurkeztu eta zehaztuko ditugu jarraian:


1.- Estatuen indarkeriaren ondorioz hildako pertsona guztien izen-abizenak jakitera emango ditugu, jukutriari eta ezkutukeriari aurre egiteko. Horrela, zehaztuko dugu zein hilketa eta eskubide urraketa egin dituen estatuak azken berrogeita hamar urtean. Aurrerapen gisa, honako datu hauek:

HILDAKOAK, OROTARA: 379

- Gerra zikina: 83 pertsona
o 3-4 desagertuta
- Espetxe politika eta sakabanaketa: 44 pertsona
- Deportazioa: 11 pertsona
- Poliziak eta militarrak: 237 pertsona
o Errepide kontrolak: 22 pertsona
o Kale mobilizazioak: 34 pertsona
o Tortura: 11 pertsona
o Erakunde armatuko kideei zelatak: 64 pertsona
o Militarren esku: 9 pertsona
o Iskanbilak, gehiegikeriak, jazarpenak, tiroketak: 97
- Besteak: 4 pertsona
 
2.- Datu hauek guztiak, hildakoen  izen-abizenekin, hiltzaileen ardura maila eta markoekin, ondo zehaztuta kaleratuko ditugu udazkenean. Txosten hori eragile, instituzio eta giza eskubideen aldeko antolakunde guztietara eramango ditugu, bai Euskal Herrian, bai nazioartean.
3.- Torturaren gaiarekin zehazki, ahalegin berezia egingo dugu bere dimentsio osoan ikustarazi eta torturatuak trinkotzeko ezaguna den norabidean: haiekiko aitortza, egia, memoria, justizia eta erreparazioa. Urraketa honen ondorioak kontuan hartzeko arau legal berri baten sorrera bultzatuko dugu. Baita mekanismo proaktibo independente baten sorrera ere, tortura iker dezan. Behar beharrezkoa ikusten dugun Egiaren Batzorde baten baitan izan dezake lekua etorkizunean mekanismo horrek.
4.- Orain arte bezala, elkar ulertzea eta aitortzea, gatazkaren ondorio guztiak gainditu eta konponbide justu baten alde lanean jarraituko dugu. Bide horretan egia, egia osoa, eta errelatu guztien ikusgarritasuna bermatu nahi duten guztiek bidaide izango gaituzte. Norberaren erantzukizuna aitortzea premiazko osagarria izanik, estatuena, epe mugarik gabe, exijitzen jarraituko dugu.
 

Egiari Zor Fundazioa