Legearen helburua errekonozimendua eta erreparazioa izanda ere, Estatuak, berriro ere, argi adierazi du bere errelatoa zalantzan jarriko duen ekimenik ez duela onartuko. Egiari Zor Fundazioak giza eskubide urraketa bat bera ere aitortu gabe ez geratzeko lanari eutsiko dio. [...]

Gaur 33 urte hil zuten Joxe Arregi. Torturaren aurkako astea antolatu dute haren sorterrian, Zizurkilen; Maribi Arregi, Francisco Etxeberria eta Iñaki Egañaren hitzaldiekin hasi dute. Bideoa: herenegungo mahai ingurua (Ander Gartzia, BerriaTB). 2014-02-13 12:53:45[...]

Hemen ikusi bideoa:

http://www.berria.info/albisteak/88741/itzal_luze_ezkutu_eta_aitortu_gabea.htm

 

Madrildik iritsi zen albistea, 1981eko otsailaren 4an: ustezko bi etakide atxilotu zituzten. Handik bi egunera jakin zen nor ziren bi lagunak: Isidro Etxabe eta Joxe Arregi. Biharamunean, beste hamazazpi atxilotu zituzten; horiei esker jakin zen torturen ostean Arregik esandakoa: "Oso latza izan da". Atxilotu zutenetik bederatzi egunera hil zen Arregi, torturen ondorioz, gaur 33 urte.

"Hematoma periorbitalak eta isuria eskuineko begian. Hainbat hematoma eskuineko sorbaldan, eta bi hanka eta besoen barruko aldeetan; ubeldura handiak bi ipurmasailetan, bigarren graduko erredurak bi oinazpietan. Burua nahastuta, arnasa hartu ezinik, sabelaldean min lausoa eta bronkopneumonia, birika bat likidoz beteta". Espetxeko erietxean egin zioten azterketa medikoaren emaitza. "Birrinduta iritsi da", funtzionario baten hitzak, bederatzi eguneko inkomunikazioaren ostekoak. Hurrengo egunean, erietxe zibil batera eraman zuten, egoeraren larritasunak behartuta. Bidean hil zen, 1981eko otsailaren 13an.

Joxe Arregiren kasuaz, eta torturaz oro har, hitz egin zuten asteartean Maribi Arregi Joxe Arregiren arrebak, Francisco Etxeberria antropologoak eta Iñaki Egaña historialariak Zizurkilen (Gipuzkoa), Atxulondon.

Egañak emandako datuek erakutsi zuten torturak itzal luzea, ezkutua eta aitortu gabea duela. "Madrilgo prentsak isilarazi bazuen ere", torturaren zantzuak begi bistakoak ziren. Lagun eta senideek euren begiekin ikusi zituzten. Eta argazkiak atera. Torturen berri eman zuen Santi Brouard medikuak: bainuontzia egin ziotela baieztatu zuen. Brouard GALek hilko zuen 1984. urtean.

Arregiren inkomunikazio aldian gutxienez 73 poliziak parte hartu zuten Arregiri galdeketa egiten eta torturatzen. "Guztien izenak ezkutatu zituzten, hamabirenak izan ezik —gogoratu du Egañak—, baina horietako bost baino ez zituzten atxilotu: Julian Marin Rios, Juan Antonio Gil Rubiales, Ricardo Sanchez, Juan Antonio Gonzalez eta Juan Luis Mendez Moreno".

1983an egin zuten hirutik lehenengo epaiketa. Lehenengo bietan, bostak absolbitu zituzten. Azkenengoan etorri zen kondena, Gil Rubiales eta Marinentzat: "Lau hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten bostetik bik. Eta bost egun soilik bete zituzten". Arregik esan zuenez, amorrua sentitu zuten: "Haien gezurrak gure egiak baino gehiago balio zuen".

Errealitate isilarazia

Urteen joan-etorriak ez du anaiaren oroitzaipena itzali. "Txistezalea", "jende guztia amorraraztea gustuko zuena", "saltseroa", "mendizalea". Eta guztiaren gainetik, "beti laguntzeko prest zegoena". Hil zutela jakin zuenean, ama etorri zitzaion gogora Arregiri: "Amarentzat oso-oso gogorra izan zen. Ez dakit nola bizi daitekeen semea baldintza horietan galduta. Osasunari puska handia kendu zion".

Amaieran jasotako txalo zaparradak lortu zuen eztarriko korapiloa pixka bat askatzea, baina ez erabat: "Anaia polizien gehiegikeriak hil zuela aitortzen dutenean, izugarrizko lasaitua hartuko dut. Badakite Joxe nola hil zuten; hori aitortzeko eskatzen dugu".

Etxeberriak, baina, baieztatu zuen aitorpenaren aldeko jarrerarik ez zegoela. Esan zuen tortura dela krimen bakarra oso gutxitan azaleratzen dena, botere publikoek "ozta-ozta" egiten dituztela haiek azaleratzeko ezer. Are gehiago: "Trantsizioan tiraderan sartu zuten torturen gaia, eta ordutik ezkutuan dago". Argitzeko ahaleginak gutxi, eta horiek ezkutatzeko gezurrak, bata bestearen atzetik: "Oso antzekoak izaten ziren, gainera: hildakoa hiru guardia zibili oldartu zitzaiela, edo eskaileretan behera erori zela... Hain ziren narratsak, ez zirela sinesgarriak". Torturez hitz egitean, gertukoak isilarazi eta beste herrialde batzuetan gertatutako kasuak soilik erakutsi ohi direla ere salatu zuen

Egiari Zor Fundazioa