Abuztuaren 10ean amaitu da 1960 eta 1978 urteen artean motibazio politikoko biolentzia jasan zuten biktimek 12/2016 Legearen baitan aitortza eta erreparazioa jaso ahal izateko eskaerak egiteko epea. [...]

Etxerat elkarteak eman du heriotzaren berri, baina jakinarazi duenez, oraindik ezin du zergatia baieztatu. Maiatzean zen aske geratzekoa. Hainbat aldiz salatu izan dute funtzionarioek presoa jipoitu izan dutela. 2014-02-27 14:12:04[...]

Arkaitz Bellon Elorrioko (Bizkaia) presoa Cadizeko Puerto espetxean hilda aurkitu dutela jakinarazi du Etxerat senideen elkarteak. Oraingoz ez dute jakinarazi Bellonen heriotzaren inguruko xehetasunik.

Etxeratek azaldutakoaren arabera, mediku forentsea kartzelan dago, lehen txostena egiteko, eta guardia epaitegira bidaliko du autopsia egiteko. Epaitegiak 20:00etan ixten dituzte, eta beraz, elkarteak ez daki gaur edo bihar emango duten autopsia egiteko agindua. Konfiantzazko abokatuek eta senideek autopsian egoteko eskaera egin dute, konfiantzazko mediku batekin. Etxeratek gaurko "gertaera larria" salatu eta "salbuespenezko neurriak amaitu beharra" aldarrikatu du. Babes osoa eskaini die senideei eta lagunei.

Espainiako Espetxe Zuzendaritzaren bertsioa

Heriotza baieztatu du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ere. Ohar batean, azaldu du bazkaldu ondoren topatu dutela funtzionarioek, ohean. Zuzendaritzaren arabera, espetxeko sendagileek baieztatu dute hilda zegoela eta indarkeria zantzurik ez zuela. Halaber, aitortu du gaixotasunik ez zuela, eta heriotza naturala darabil lehen hipotesitzat. Sekretupeko ikerketa abiatu du espetxe zuzendaritzak.

36 urte zituen, eta 2003ko uztailean atxilotu zuen Guardia Zibilak, kale erasoetan parte hartzea egotzita. 13 urte eta hiru hilabeteko zigor osoa betetzekotan zen maiatzean.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Elorrioko beste bi gazterekin epaitu zuen Bellon; Andoni Zengotitabengoarekin eta Txomin Lesenderekin. 13 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zien bakoitzari, 2000. urtean Donostiako Aste Nagusian bi autobus eta kutxa automatiko bat erretzea, eta Ertzaintzari suziriekin zein molotov koktelekin eraso egitea egotzita.

Bellonek, espetxean egin dituen urteetan, hainbat eraso jasan ditu espetxezainen eskuetan. 2010ean, hirugarren erasoaren berri eman zuten bere senideek. Urte horretako maiatzean Puerto III espetxean espetxezainek jipoitu egin zutela salatu zuten. Iazko martxoan, berriz, Herrira-k salatu zuen berriro jipoitu zutela. Aurrez, 2008an, Algeciraseko espetxean eraso egin zioten hango funtzionarioek.

Bellonen senideek ere bere azalean pairatu dute sakabanaketaren eragina. 2008an auto istripua izan zuten bere izeba-osabek, Herrera de la Mancha espetxera bisitara zihoazela.

Urtebeteko epean, espetxean hil den hirugarren euskal presoa da Bellon. Angel Figeroa iazko martxoaren 14an hil zen zigorra etxean betetzen ari zela, eta Xabier Lopez Peña martxoaren 30ean, Frantziako Fleury espetxean ondoezak eman ondoren.

 

http://www.berria.info/albisteak/88465/arkaitz_bellon_elorrioko_presoa_hilik_aurkitu_dute_puertoko_espetxean.htm

Egiari Zor Fundazioa