Abuztuaren 10ean amaitu da 1960 eta 1978 urteen artean motibazio politikoko biolentzia jasan zuten biktimek 12/2016 Legearen baitan aitortza eta erreparazioa jaso ahal izateko eskaerak egiteko epea. [...]

Egiari Zor. Sorrera dokumentua

Azken mende luzeetan Euskal Herria ukatu egin dute eta eraso egin diote; 1936ko matxinada militarraren ondorengo urteetan izan dira ugarien era guztietako eskubide urraketak eta krimenak. Sustrai sakoneko gatazka politikoa dago, Espainiako eta Frantziako Estatuek inposizioaren eta biolentziaren bidez sustatua. Azken bost hamarkadetan gatazka armatua ere izan da, eta horrek ehunka pertsona hiltzea eta milaka zauritu, torturatu, espetxeratu eta mehatxatu izatea eragin du. Eskubide indibidualak ez ezik, eskubide kolektiboak eta politikoak ere nabarmen kaltetu dira, frankismotik eratorritako sistema politikoaren eta instituzionalaren funts demokratiko eskasa edo hutsa are eskasago bihurtuz. Estatuek eskubideak urratzeko eta haien sistema inposatzeko estrategia errepresiboak erabili baino ez dute egin, une oro gatazkaren oinarri politikoa ukatuz eta haren ondorioak isilaraziz.

Agiri hau sinatzen dugunok estatuen estrategia horren ondorioz asasinatutako edo hildako pertsonen senitartekoak edo testuinguru horretan bertan zauritutakoak edo torturatutakoak gara. Azken 50 urteotan, gatazkarekin lotuta, sektore sozial, lan arloko eta herrikoi zabalen aurka bideratutako errepresioa sufrimendu sorburu ukaezina izan da. Guk, gatazkak beste pertsona asko ere kaltetu dituela jakitun, aipatutako epe horretan estatuen errepresioaren eta gatazkaren ondorioz hil diren, zauriak jasan dituzten edo torturatuak izan diren pertsona guztien oroimena eta duintasuna aldarrikatu nahi dugu. Borroka armatuaren eraginez senitarteko bat galdu dutenen sufrimendua ulertzen dugun bezala, haien sufrimenduarekiko sentsibilitate beretik, gurearekiko eta estatuen errepresioa jasan dutenen memoriarekiko errespetua eskatzen dugu.

Besteen mina onartzen dugu, baina ez dugu biolentzia ezberdinek kaltetutako pertsonak parekatzea  eskatzen. Tratuari dagokionez, ezin dira biktimak bereizi eskubide urraketaren egileen edo momentu historikoaren arabera. Urraketa bera bada, bai onarpenak bai ordainak berak izan behar dute. Baina hildakoen eta sufrimenduen arteko diskriminazioa onartzen ez dugun era berean, gatazkaren ondorioz hildako pertsona guztion arteko homologazioa eta parekotasuna ere ez datoz bat gure ikuspegiarekin.

Gaur egungo egoera politikoaren harira, EAEko Legebiltzarreko Poliziaren Gehiegikerien Biktimen Batzordea kritikatu nahi dugu. Baita garaile eta garaituen erretorikan oinarritutako eta lehen mailako eta bigarren mailako biktimak bereizten dituen gure etorkizun hurbilari buruzko kontakizuna kontakizun bakar bihurtu nahi duten ekimen instituzional sortak ere. Salatu egiten ditugu partzialak direlako, denboran mugatuak, baztertzaileak eta zigorgabetasunaren konplize. Horiek babesten dituzten alderdiek errealitateari muzin egiten diote eta egia mugatzen edo itxuraldatzen dute. Eragile batzuek arlo honetan estatuek izan duten ardura onartzen ez duten bitartean, Euskal Herrian gertatutakoari buruz zabaltzen duten kontakizun osatugabea, abiapuntutik beretik, akastuna izango da. Faltsua izango da.

Agiri hau sinatu dugun pertsonek EGIARI ZOR Fundazioa sortzea erabaki dugu, adierazitako kezkei bide emateko. Fundazioaren jarduera eta adierazpide publikoen oinarriak honako hauek izango dira:

1.-  Gure jardueraren helburuak errespetua, egia osoa lortzea eta ezagutza eta ordaina izango dira. Fundazioak saioa egingo du jasan dugun errealitatea ezagutarazteko eta partekatzeko, konponbide gakoan jarrita. Era horretan, bide eraikitzaile eta konpontzailea ireki nahi dugu geure errealitatearen arlotik ere, Euskal Herrian abiatutako prozesuaren fase eta epe bakoitzean helburu zehatzak bilatuz eta lortuz. Helburu hori lortzeko, etengabe eragile politiko, sindikal eta sozialengana, erakundeengana eta komunikabideengana joko dugu. Ez dugu onartuko errealitatearen geure kontaketa kontuan ez hartzea.

2.-Giza eskubideen bortxaketa larriak jasan dituztenez, hildako pertsona guztien memoriarentzat eta kaltetu guztientzat errepresaliatu izaera onartzea exijituko dugu, baita maila instituzionalean eta sozialean erabateko onarpena ere.  Aldi berean, estatuek, erakundeek eta alderdi politiko gehienek onartu eta nork bere gain hartu beharko dute giza eskubideen urraketan izan duten ardura; esaterako, gerra zikinean, torturan, poliziaren biolentzian, deportazioan, espetxe politikan eta abarrean. Hori egiten ez duten bitartean, gure egitekoa izango da etengabe gogoraraztea.

3.-Egia osoaren bilaketan Egiaren Batzordea oinarrizko tresna da. Haren lana eraginkorra izan dadin eta elkarbizitza demokratikoari lagun diezaion, batzorde independente gisa osatu beharko da, Euskal Herri osoa erreferentziatzat hartuta, eta matxinada militar frankistaren garaitik gertatutakoa hartu beharko du kontuan. Justizia trantsizionala edo konponbiderako justizia eta nazioarteko legediak giza eskubideen arloan jasotzen dituen irizpideak izango ditu oinarri. Gure egia marko horretara eramateko konpromisoa hartzen dugu publikoki.

4.- Ordaina eta justizia elkarlotuta daude. Dena dela, ordaina ez da inoiz erabatekoa izango, ezerk ez dizkigulako hildako gure senideak itzuliko. Nazioarteko legediak arlo sozialean, instituzionalean eta ekonomikoan jasotzen dituen ordain arauak eta sistemak betetzea exijituko dugu, ordea. Justiziari dagokionez, ez dugu Espainiako eta Frantziako epaitegietan sinesten eta ez dugu haiengandik ezer espero; haien mespretxua nabarmena izan da urte luze hauetan. Gure senitartekoen heriotza eta gure eskubideen urraketa eragin eta ezarri zuen justizia hutsalak ez ditu orain gure eskubideak bermatuko. Dena dela, ikertzearen eta dagokien erakundeen aurrean salaketa aurkeztearen bidea bultzatuko dugu, gertaera ilunak edo suizidio faltsuak argitzeko edo desagertutakoak aurkitzeko eraginkorrak diren heinean. Ahalik eta esfortzu handiena egingo dugu egia osoa ezagutzeko.

5.- Oraindik konpontzear dagoen gatazkari bidezko konponbidea emateko erabateko konpromisoa dugula adierazten dugu. Gatazkaren arrazoiak eta ondorioak politikoak direnez, akordio politikoa eta demokratikoa ahalbidetuko duen konponbidea lortzeko lan egingo dugu. Elkarbizitza eta eskubide guztien onarpena eta gauzapena ahalbidetzen duen konponbidea. Konponbide politikoa euskal gizartea ordezkatzen duten eragile eta erakunde guztien artean eraiki beharko da. Gure ekarpenak etorkizun horretan du zentzua, prozesua baldintzatzeko edo haren gainean tutoretza ezartzeko asmorik gabe.  Hori defendatzen dugu eta horren alde lan egingo dugu, gure ustez hori baita berme bakarra jasandako bidegabekeriak eta mina errepika ez daitezen. Akordio politikoak konponbide justua eta partekatua zehaztuko du. Ondorengo elkarbizitza demokratikoak ahalbidetuko du bakea. Horixe izan zen, ez besterik, gehien maite genituen pertsonen funtsezko nahia, eta haiek lagundu eta bultzatu gaituzte aurrerapauso hau ematen, beti bezala.

Azkenik, estatuen biolentzia jasan eta haien eskubideak urratuak izan dituzten pertsona guztiei agiri honekin bat egiteko deia egiten diegu (www.egiarizor.org). Egia osoa ezagutzeko, deia egiten dugu herriz herri errepresioaren ondorioak eta hark eragindako kaltetu guztiak zerrendatzeko.

Egiari Zor Fundazioa