Fundazioak Bakegintza eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiak pasa den apirilean Plana aurkeztu zuenetik ekarpenak lantzen eta kontrastatzen jardun du Egiari Zor osatzen duten kide ororen artean. Hilabetetako lan horren emaitza, ekainaren 23 goizean Bilboko Eusko Jaurlaritzaren delegaritzan aurkeztu da. [...]

Ainara Esteran

Egiari Zor fundazioaren izenean

Une gogor hauetan, gure elkartasuna eta gure besarkadarik beroena helarazi nahi diegu Arkaitz Bellonen senideei, neska-lagunari eta adiskideei. 2014-02-27 14:27:18[...]

Asteazken arratsaldean espetxe-politikaren ankerkeriak astindu gintuen berriro ere. Berria jaso eta hasierako uneetan, shock egoeran egon ginen, ez genuen gertatutakoa sinetsi nahi, ez, ezin da egia izan... ez, ez berriro... Baina zorigaitza konfirmatu, eta orduantxe konturatu ginen ez zela txantxa makabroa.

Lerro hauek idazten dituenari zaila egiten zaio deskribatzea Arkaitzen antzeko egoeran bizia galdu dutenen beste familia batzuen etsipena, amorrua... Euskal Herrian zehar hedatzen ari zen berria egia izan ez zedila desiratzea... Nekez azal daiteke familia horiek zer sentituko zuten beraiek ere bizi izandako tragedia hura gogora ekartzean.

Oraindik ez da urtebete igaro Arkaitzen bi kideren heriotzek, Ángel Figueroarenak eta Xabier López Peñarenak, gutxieneko sentsibilitatea duen pertsona oro astindu zutenetik. Oraindik ez da urtebete igaro euskal gizarteak aldarrikatu zuenetik heriotza haiek azkenak izan zitezela, giza-eskubideen bortxaketak behin eta betiko amai zitezela, estatuek euren errepresio-makineria guztia bertan behera utz zezatela. Ez zezatela zauri gehiago, oinaze gehiago, sufrimendu gehiago eragin. Baina, ia urtebete beranduago, makineria horretan apenas aldatu den ezer. Gero eta ozenago entzuten dira euskal herritarren aldarriak, gero eta indartsuagoa da bertako gizarteak giza-eskubideekin duen konpromisoa, gero eta ugariagoak dira horrelako bidegabekeriak bukatzea eskatzen duten ahotsak. Espetxeetan giza-eskubideek etengabeko erasoak pairatzen dituzte: hala izan da beti eta hala izaten jarraitzen du. Espainiako Gobernuak, lehenengo, eta Frantziakoak, gero, salbuespenezko espetxe-politika bat jarri zuten martxan. Espetxe-politika hori bi estatuon errepresio-estrategiaren tresna bat da, gatazka politikoaren testuinguruan kokatzen dena.

Hamarkadak joan dira salbuespenezko politika hori euskal herritarren aurka darabiltenetik, eta horrek mina eta sufrimendua eragin die pertsona askori, familia askori... herri oso bati. Sufrimendua, oinazea eta heriotza gaur egungo gure bizitzetatik desagertu egin behar dira, behingoz.

Espainiako eta Frantziako Estatuek galdu egin dute sinesgarritasunaren gudua. Gaur egun, bai Euskal Herrian, baita bertatik kanpo ere, inork ez du zalantzan jartzen gauza bat: indarreko salbuespenezko espetxe-politikak hil egiten du.

Indarrean mantentzen duten dispertsio-politikak, giza-eskubideen defentsaren ikuspuntutik erabat zentzugabea izateaz gain, hil egiten du.

Eta hona hemen benetan larria dena: espetxe-politika horrek hiltzen jarrai dezakeela, edozein espetxetan, edozein errepidetan, edonor. Estatu biek elikatutako gurpil kriminal horrek, interes politikoen inguruan biraka dabilen erruleta horrek, Arkaitz Bellonen bizia eraman du, 33 euskal presoren bizia ostu du. Hori da estatu horien estrategia: espetxeratutako euskal gizartearen sektore horri erasotzea Euskal Herriko egoera politikoa baldintzatzeko. Beste 17 pertsonak bizia galdu dute sorterritik ehunka kilometrotara espetxeratutako senide edo adiskideak bisitatzera zihoazela.

Lotsagarria da «oinarri etikoa» delakoa besteei eraso eta gatazkaren ondorioetan dituzten erantzukizunei ihes egiteko erabiltzen dutenek aldarrikatzea, Arkaitzen heriotzaren ondoren, euren espetxe-politika dela Europan giza-eskubideak hoberen bermatzen dituena. Estatuek gaur egun darabilten biolentziak ondorio latzak izaten jarraitzen du, giza-eskubideen bortxaketaren bidean aurrera egiten jarraitzen du, hiltzen jarraitzen du. Ez ezazue jarri oinarri etiko hori besteen oinpean, izan zaitezte zuek hura zapaltzen lehenak. Has zaitezte oinarri-oinarrizkotik: har itzazue neurriak Arkaitz, Ángel, Xabier, Roberto, Igor, Ramón, Joseba, José Ángel, Juan Carlos, Pilar, Sara, Antxoni... gehiago egon ez daitezen, espetxe-politiken artean bermatzaileena den horrek heriotza gehiago eragin ez ditzan.

Espetxe-politika ez da abstraktua: botere publikoek sustatzen dute, pertsona jakin batzuek ondo baino hobeto definitutako xede batekin hartutako erabaki politikoen ondorio da eta, beraz, erantzule zuzenak ditu, eta pertsona horiek dira politika hori aplikatzeak dakartzan ondorioen erantzule. Haiena da espetxean eta dispertsioaren asfalto madarikatuan hildako 50 pertsonen erantzukizuna.

Besarkada bero bat modu batean ala bestean biolentzia honen krudelkeria jasan duzuen guztioi, bere izatea ukatu eta herri honetan zauri lazgarriak eragiten jarraitzen duen biolentzia hau pairatu duzuenoi. Guztion artean egoera hau apurtzea lortu behar dugu.

Giza-eskubideen errespetuak lagun ugari biltzen ditu. Batu ditzagun geure indarrak zutabe sendo horren inguruan, suntsi dezagun behingoz biziak osten jarraitzen duen politika hori mantentzen tematuta dauden horien itxikeria.

Egiari Zor Fundazioa